Gardentasuna Auzitegietara iritsi da

Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salak RTVEk korporazioaren auditoretza-txostena ez emateko jarritako apelazio-errekurtsoa ezetsi du.

2016an, RTVE korporazioak ezezkoa eman zion Aurrekontuen Lege Orokorraren 164. artikuluan araututako kontabilitate-erregulartasunaren auditoretza-txostena argitaratzeko eskaera bati. Nabarmendu behar da ez dela kontabilitate-erregulartasunaren auditoretza edo kontu-auditoretza (RTVEren kasuan auditore pribatu batek egiten du); aitzitik, ALOk Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiari (EAKHN) ematen dion eskumena da, Estatuko sektore publikoaren jarduera ekonomiko eta finantzarioaren barne-kontrolerako. RTVE, hain zuzen, sektore publiko horren parte da.

Gatazka Gardentasunerako eta Gobernu Onerako Kontseilura eraman zen, eta horrek ebazpen hau eman zuen: “Funts publikoen erabilera, hain zuzen, arauan ezarritako gardentasunerako betebeharren ardatzean dago, eta, azaldutakoaren arabera, kontuak emateko funtsezko elementuetako bat da; kontuak ematea, hain zuzen, araua onesteko helburuen parte da”. Hortaz, eskatutako informazioa eskuratzeko eskubidea aitortu behar zelako irizpena eman zuen.

RTVEk Gardentasunerako eta Gobernu Onerako Kontseiluaren ebazpena errekurritu zuen administrazioarekiko auzibidean. Azkenik, Auzitegi Nazionalak apelazio-errekurtsoa gaitzetsi, eta hauxe ondorioztatu zuen: “[…] kontuan hartu behar da erreklamatzailearen eskaera, zehazki, 19/2003 Legean bermatutako informazio publikorako eskubidea baliatuz egin dela. Informazio hori (eskaera hori eskuratzera bideratuta zegoen) Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak CRTVEri egindako auditoretzari buruzkoa zen, eta horren lege-euskarria ekainaren 5eko 17/2006 Legearen 37.3 artikuluan dago. Informazio hori aipatutako korporazioaren esku zegoen, eta hori behartuta zegoen informazioa eskatzaileari ematera, 13/2009 Legearen 13. artikuluari jarraiki”.

Hortaz, ezin zaio edozein muga jarri informazio publikoa eskuratzeko eskubideari. Bereziki, informazio hori eman beharko da herritarrek jakin nahi dutenean eragiten dieten erabakiak nola hartzen diren, funts publikoak nola erabiltzen diren edo gure instituzioek zer irizpideren arabera jarduten duten.