Datuak babesteko ordezkariaren lanpostu berria herri-administrazioan

Datuak Babesteko Europako Erregelamenduak (DBEE) erakunde batzuetan izendatu beharreko lanpostu berria sortu du: datuak babesteko ordezkaria. Pertsona horrek datuen babesaren arloko aholkularitza- eta ikuskapen-lanak egingo ditu, eta, agintari edo erakunde publikoen kasuan, nahitaez izendatu beharko da.

Kontrol-organoen doktrinaren arabera, esparru publikoan datuak babesteko ordezkariak izendatu behar dira DBEEa oso-osorik aplikatzen hasi aurretik, hau da, 2018ko maiatzaren 25aren aurretik.

a) Administrazioan duen kokagunea
DBEEak herri-administrazioaren esparruan ordezkariak izendatzeari buruz hauxe xedatzen du: “datuak babesteko ordezkari bakar bat izendatu ahalko da agintaritza edo erakunde horietako batzuetarako, haien antolakuntza-egitura eta tamaina kontuan hartuta”.

Arau horrek administrazio-erakundeetan zer leku izango duen zehaztea eskatzen du. Horrela, Erregelamenduak ezartzen duenaren arabera, DBO bakar bat izenda daiteke, adibidez, erakunde publiko berbererako, udal baterako kasu.

Organo-kontrolen doktrinaren arabera, zenbait erakunde publikotarako DBO bakar bat izenda badaiteke ere, gomendatzen da ordezkaria ez aritzea erakunde handietan edo argi bereizitako izaera eta eginkizunak dituzten organoetan, nahiz eta administrazio beraren mende egon, tamaina handiko udaletan gertatzen den bezala.

Bestalde, agentziaren interpretazioaren arabera, DBOaren eginkizunak kontuan hartuta, erakunde baten egituraren barruan, eskumen eta eginkizun horizontalak dituzten organo edo unitateetara atxiki behar da. Halaber, lanpostu-maila arituko den organo edo erakundearen zuzendaritzarekin komunikatzeko modukoa izan behar da.

b) Eginkizun orokorrak
DBEEan ezarritako eginkizun espezifikoei edo edozein erakundek barnean garatu beharrekoei kalterik egin gabe, DBOak egin beharreko eginkizun hauek nabarmendu ditzakegu:

Informazioa eta aholkuak ematea tratamenduaren arduradunari eta datuak tratatzen dituzten eta datuen babesaren arloan betebeharrak dituzten langileei.

• DBEEan xedatutakoa edo Estatuko arlo horretako legeria eta tratamenduaren arduradunaren datu pertsonalen babesaren arloko politikak betetzen direla ikuskatzea.